Behin batean ardi bat igaro zen ursa minorretik ursa maiorrera

LEKORE (2015)


Behin batean ardi bat igaro zen ursa minorretik ursa maiorrera. Bat.

Atzetik beste bat. Artilean puntu orlegi bat zuen hark.

Hirugarrena pasa zen ondoren, beltza hura.

Laugarrenak begi oso txikiak zituen, ilargian islatutako eguzkiak itsutuko balu bezala.

Bosgarrenak ez zuen ezer berezirik, ardi bat zen, bat gehiago.

Seigarrenak buru erdia beltza zuen eta gainontzekoa zuri nuklearra.

Zazpigarrena olinpotik jaitsi berria zen, kizkurrak – espazioan ez dagoen – airean mugituz zebilen.

Zortzigarrena pasa zenerako entzulea lo zegoen baina idazleari bost axola.

Bederatzigarrena seko tematia zen, ursatik ursara pasa beharrean Ariesekin topeka hasi zen.

Hamargarrena eginbeharraz asper-asper eginda asteroide artean Leok jan zezan utzi zen.

Hamaikagarrena lehenengoa zen, berbera, lehen esan ez den arren Marterekin gerran ibili zale, gaua amaitzerako larrua zauriz betea edukiko zuena.

Ondoren pasa ziren atzera bigarrena, hirugarrena eta laugarrena; hamabigarrena, hamahirugarrena eta hamalaugarrena bihurtuz eta hurrengoak berdin eta horrela etengabe, entzulea aspaldi lokartu, irakurlea uste baino lehen aspertu eta idazlea beti bezala nekatu arren handik ordu askotara eguzkiak zentzugabekeria horri tarte batez amaiera ematea erabaki arte.