Tenpranillo botila batetik ateratako lau poema

POP PILULAK (2015)


Lege fisiko eta ikasiek

Sagarroia lez itzuli zen
errai ustelak egurastuz
zeruari zerion malko-jasa
beroan beste min baten bila

Deklaratu gabeko
gerra gordin guztiak
bizi zituen bere baitan
eskuaz ilargia estaltzen
saiatu zen berriro baina
eguzkiak zulatu zion
kamisetaren gainetik
zeraman bihotza

Kantoi orotan
neguko kanpainak
makiak, hondartzak,
guduzelai gorpuztuak
sutan eraiki zituzten
autobusak, sukaldeak, kajeroak
aurkitzen zituen baina
identifikatu ezinezko
presio atmosferikoak
grabitate indarrak,
lege fisiko eta ikasiek
lurraren aurka ahuspez
heltzen zuten, bizkar biluzian
bota ikusezin baina erreal
batek zapaltzen zuelarik


Nafarroako toponimia

Nafarroako toponimia guztia
darama izen-deituretan
anorexia
depresioa
eta
Euskadiko Ezkerrako
guraso medikuak sufritzen ditu
mutil-lagun manipulatzailea
–ni neu– ahantzi gabe

duplexeko bigarren pisuan
daukan gelan
zauritzen du bere burua
apurtutako argazki enmarkatuaren
kristal hipokritaren ertza besoan sartuz
urre koloreko casio erloju berria
gorriz tindatuz
alkandoraren mahukak
zikinduz

ospitalera eramango dute
berriz
pastilla gehiago edo
berriak
emango dizkiote
depresioaren aurkakoak
eta
lasaigarriak nahastarazi
lagunak ikustea debekatuko diote
edo
autokarabana harturik
oporretan joango dira
berriz
urrutira.


Gela guztiak bakarrean

Hiriburuko apartamentu bat
gaizki egositako makarroiak
tomate hotza eta gazta txarra
lau plater ezberdinetan banaturik

bat ohean eserita dago
gainontzekoak aulki zaharretan
norbaitek hozkailutik
urdaiazpikoa atera du,
afariari bizipoza emate aldera

festa batera doaz,
hozkailuko atea irekitzean
ikusi dira hozten jarritako
zapore artifizialeko
ardo gorri botilak

garagardoa edaten ari dira
latatik, janaria zintzurretik behera
behartzeaz batera, mekanikoki

ez dute musikarik jarri
liburu batez ari dira hizketan
etxeko gela guztiak bakarrean
biltzen dituen hiriburuko
apartamentu batean


Heriotzan lagun

Guztiok gara gorpu potentzialak
herio baletor hona argibideak:
ez dut bizi gabe bizi nahi
mila kontu utziko ditut konpontzeke
beste mila hasteke
damuak damu ezin naiteke
plastikozko hodi bati lotuta bizi
ez dut nahi oraindik izan baina
ez naizela bizitza artifizialetan iraun
posible badut, heriotza duina
eskatuko diot ene buruari
posible badut, heriotza lasaia
eskatuko diot ene inguruari
posible badut! Heriotza
ez dadin izan hotza
nire bihotza
buruaz batera gera dadin
saiatuko naiz, posible badut
bestela, eskatzen dizut
zuri, behar izatekotan
heriotzan lagun iezadazu