Mamu baten gisan

LEKORE (2016)


Oroitza penari

Oroitzen behinola
izan zinen hura?
Hertsi begi biak

Oroitzen orain
izan zintezkeena?
askatu haria

Oroitzen otoitzen
kantu lantu lainoa?
negarra eta atsekabea
negarra eta galera

Oroitzen behinola
izan zinen hura?
Hertsi begi biak

Amonari oparitu katua
eta ondorengoak
amona bere buruari
nor zara?
galdezka berriro

Aitonak hil-ohean
eskua estutuz esan
baina ulertu ez zenizkion
azken hitzak

Oroitzen familia
ezagutu eta maite eta
hil eta zatitu eta min
aurretik nola zen?

Oroitzen alkohola
probatu memoria
kasik erabat galdu
eta oroitu nahi ez
dituzun gauza horiek
esan gauza horiek
egin gauza horiek ahaztu
aurretik nola zen dena?

Oroitzen inoiz posible zela
asmatuko ez zenukeen moduan
heriok izeba haizeak bere errautsak
nola eraman zuenekoa?

Oroitzen lagun guzti horiek?
Erantzun gabe utzitako eskutitz andana?
Betiko ahaztu dituzun izen guzti horiek?

Oroitu, hertsi begi biak
hau da oroitza penari
hau da otoitza denari.


Ihes kanta

Errailak erraietan
saihetsak trabes
bidea begietan
helmuga babes

Mamu baten gisan
hemen nagoenean
ez nago osorik
eta noanean
ez noa erabat

errailak erraietan
saihetsak trabes
bidaia ez da amaitzen
helmuga amets

ez naiz hemengoa
eta hangoa ez dut nahi
Ithaka heriotza da niretzat
nomada galdua naiz.


1. noanean ez noa erabat

Hartu-emanak

Azken aldian
hilkutxan bezala
ematen ditut orduak

lurpean bezala
ematen ditut orduak

azken aldian
hilda bezala
ematen ditut orduak

eta denborak hartzen
hartzen dizkit orduak


Marra bat

Bi minutu barru dator
metroa
hala dio letra horiz
laugarren lineako
bosgarren edo
hogeita bigarren geltokiko
informazio panelean

Minutuak igaro esperoan
alde batera eta
bestera begira nabil
bat horia noiz azalduko
metroa metro gutxira
dagoela adieraziz

aurreko nasan gizon bat dakusat
aurrerantz makurtuta
nasako azulejozko banku zikina
eta sudurraren artean
tutu zuri bat helduz
esku batekin

marra bat marraztu du
burua azulejo erdi bat
ezkerrerantz mugituta
tutua altxatu eta hatz
potoloarekin garbitu du
azulejoaren gaina
sudurrera eramanez gero
zintz eginez bezala
baina alderantziz

banku zikinetik
altxa da gizona
poltsikoren batean
gordez poltsatxo bat
tutua eta begirada
txamarra berde ilun gastatua
beherantz tiratu du
aurpegiko zimurrak
txamarrakoekin bat lisatu
nahi balitu bezala

minutu bat falta da metroa
etor dadin baina
beste noranzkoan doana
lehenago etorri da
berarekin eramanez
txamarra berdedun gizon zaharra
bere aurpegiko zimurrak
eta tutu zuria


Hare Krishna

Boulevard de Clichy
arratseko seiak eta erdi pasa
berandu noa hitzordura

Hare Krishna Hare Krishna
Krishna Krishna Hare Hare
Hare Rama Hare Rama
Rama Rama Hare Hare

Metrotik korrika irten
lur gainetik pasa dut
geltoki bat eta hurrengora
bidean noa

Hare Krishna Hare Krishna

Jende gehiegi
egon ohi da lurpean
ordu honetan
ezin kabitu metroan

Krishna Krishna Hare Hare

Horregatik nahiago
korrika nekatzea
eta bide batez
eguzkia ikustea

Hare Rama Hare Rama

Bidean aurrera
jende multzo bat
batzuk laranjaz jantzirik
zuriz beste batzuk
autoek pasatzen
noiz utziko zain

Rama Rama Hare Hare

Kantuan datoz
haien bidean doinuak
kaleak hartzen ditu
eta turisten sakelakoetan
Moulin Rougeko errotaren haizean
kantu bat baino ez da entzuten:

Hare Krishna Hare Krishna!


2. nagoenean ez nago osorik

Bi bide

Abandon
abandonatu ninduzun
autobusera igo eta geroztik
ez didazu berriro deitu.

Abandon
abandonatu zintudan
autobusera igo eta geroztik
ez dizut berriro deitu.

Bilbotik urruntzen zinelarik
semaforo bakoitzean estropezu eginez
banekien betiko zindoazela hemendik

Bilbotik urruntzen nintzelarik
semaforo bakoitzean estropezu eginez
banekien betiko nindoala handik

Ez dut gogoratzen nora zihoan
autobus hura
inporta zitzaidana zen bazindoazela
ni atzean utzita

Ez dut gogoratzen nora zihoan
autobus hura
inporta zitzaidana zen banindoala
zu atzean utzita

Abandon abandonatu genuen elkar
zu handik joan baitzinen
zu han geratu baitzinen
Abandon abandonatu genuen elkar
eta horregatik idazten dizut gauero
eta horregatik idazten dizut gauero

berriro elkartzen garenean egunero
irakurtzeko poema bat izan dezazun

zaila egiten zaidan arren aldiro
atzean utzitakoen linbotik
ihes egin ez dezazun.


Aitortza

Ene burua itotzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
paradisu ezin
emankorragoan ere

ene burua amiltzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
zure begien
aterpe beroan ere

ene burua goratzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
lagunen abaroan
lur ezin berdinagoan ere

ene burua itzaltzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
argiak egunak
gauak eta barrenak
argitzen dituen
lorategian ere

ene burua bakartzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
hatz artean itsasoa hartuz
zuekin igeri nabilenean ere

ene burua behartzea
gustatzen zait

bai, hemen ere,
gailur altuenak
belaunetara ditugun
lekuan ere

esango duzue gaixorik
nagoela, edo pasako zaidala
eta agian bihar hobeto egongo naizela
bihar beste egun bat izango dela
bihar beste bat izango naizela
betiko leku berri honetara
berriro ohitzea falta zaidala

baina egia da
hemen ere,
orain ere,
negarrik nahi ez duen
miserable bat naizela

eta, batez ere,
ene buruaz errukitzea
gustatzen zaidala.