Lanbroa

LEKORE (2016)


Kasinoko eskailerak ia binaka igo ditu Sashak. Dagoeneko gautu da zerua. Zabalduta dagoen ate ostean zalantzati galdekatu du atezaina. Kontzertua? Eskailerak jarraituta zuzen iritsiko zara aretora. Marmolezko eskailerak arnasa sakon hartuz igo ditu. Ez dabil inor. Mendeak zain daramatzaten mamuen itzalak baino ez. Berriz galdetzekotan egon da. Hau al da kontzertu aretorako bidea? Eskaileren buruan agertu zaio ate astuna. Esku bat eskulekuan atzerantz begiratu du.

Atearen bestaldean dago aretoa, aulki urdinez beteta. Jendeak sartu berri denari begiratu dio. Xuxurla pare bat entzun da elkarrizketa motelen azpitik. Zutabeen gainean jarritako estatua erdi biluziek eusten diote sabaiari. Zuria eta itsugarria da lanpara zintzilikatuetatik datorren argia. Aretoaren aurrealdean dago pianoa, zain. Pare bat aldiz zabaldu eta itxi da atea.

Lehen lerroan eserita zegoen gizon zahar bat pianoaren aurrean jarri da, aulkiei begira, zutik. Inor ez da entzuten ari esaten ari dena. Are gutxiago programaren kartulina eskuetan tolesten ari den Sasha. Berak egin du txalo ozenen gizon zaharra berriro eseri denean. Azken aldiz zabaldu da atea eta Laura sartu da, soineko orlegi bat soinean. Txalo artean egin du pianorainoko bidea. Tapa altxatuta daukan pianoari begira dago Sasha, pianoa bezala, zain.

Abisurik eman gabe, hatzak teklatuan pausatzearekin bat, Scarlattiren sonatak bete du aretoa. Musika eta txaloak tartekatu dira. Entzuleen eztuletan nabari da udazkena. Laura lau aldiz altxatu da txaloak jasotzeko eta ostera berriro eseri. Programa bukatu eta aretotik atera da, txalo artean.

Irteerara bidean Lauraren amarekin egin du topo Sashak eta erdi serio erdi urduri eman dizkiote elkarri bi musu. Zoragarria, ezta? Aretotik atera da eta ate ostean egin du topo Laurarekin. Jendez inguratuta besarkatu dute elkar. Soinekoaren oihal sintetikoa eta Lauraren azal beroaren arteko aldean galdu da Sasha. Zorionak. Gustatu zaizu? Izugarri, benetan.

Lehen igotako eskailerak jaitsi, atezaina agurtu eta kresalez bustitako gauera atera da Sasha. Itsasoa deika sumatzen du. Teleberriko kamera bat eta aurkezlea saihestu eta pasealekuaren ertzerainokoa egin du. Hondarretan, urrunean, hitz batzuk daude idatzita. Bere buruari esan dio: gaua hasi baino ez da egin. Itsasargi bat ikus daitezke lanbroa nekez zulatzen. Eztiki pausatzen da ihintza autoen gainalde eta Sasharen masailetan.